Txikitatik daukadan pasio politenetariko batetik jaio zen proiektu hau: naturarekiko eta gure lurrarekiko miresmenetik. 2020. urtean, bizi naizen bailaran eguraldiaren informazio hurbila eta zehatza emateko asmoz, Meteo Arratia sortzea erabaki nuen. Hasiera batean Twitter bidez hasi nintzen informazioa zabaltzen, baina 2022tik aurrera Facebooken finkatu dut nire txokoa, bertan aurkitu baitut nire publiko eta komunitaterik fidelena.
Niretzat, ordea, proiektu hau ez da datu meteorologikoen zerrenda huts bat. Nire pasio handienak uztartzen dituen sormen-lan bat da: mendia eta argazkigintza. Bi mundu horiek lotuz, proiektu dinamiko bat eraiki dut diseinu sortzailearen ikuspuntutik. Izan ere, neuk sortutako Arratia bailarako mapa erabiltzen dut informazioa emateko, eta nire denbora librean ateratako paisaia-argazkiak erabiltzen ditut iragarpen bakoitzari testuingurua eta edertasuna emateko.
Gaur egun, Meteo Arratia erreferentziazko txokoa bihurtu da bailarako eguraldiaren berri izateko. Urte hauetan guztietan lortu dudan komunitatea oso pozik dagoela ikustea da nire motibazio nagusia. Ez dago ezer hoberik gure bailara hain modu pertsonalean ezagutaraztea eta herritarrei egunerokoan lagungarri zaien eguraldi iragarpena eskaintzea baino.
